XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ildo honetatik egindako azterketa ugari dago.

Guztiek azpimarratzen dute, goi- eta erdimailetako klase sozialek abantaila dutela eskolan, bere etxean jokatzen dutela.

Hauek, txikitandik arnasa hartzen duten bezala, eskolan arrakasta izateko jarrerak hausnartzen ari dira giroaren eraginez: ikasteak etorkizunerako duen garrantzia, ikasteko nekeak geroari begira ekarriko dizkien mesedeak, etab.

Klase sozial apalekoentzat, berriz, eskolak eragiten duen kultura guztiz arrotza da, eta horrek eragin zuzena du eskolak eman dezakeenaz itxaropenik eta ametsik ez egiteko (Bourdieu-Passeron (2), Baudelot-Establet (3), Debesse-Mialaret, O.C.D.E. (5).

Beste era batera, baina gauza bera dio Bernstein-ek (6).

Hizkuntz kode landuak eta murriztuak estratu sozialarekin duten zerikusia aztertzen du honek.

Ondorioa nabarmena da: estratu erdiko eta garaikoek hizkuntz kode landua erabiltzen dute; estratu behekoek, berriz, hizkuntz kode murriztua, abstrakziorako egokitzen ez dena eta hizkuntz espresio mugatua duena.

Bide horretatik jarraituz, zenbait soziologok (Bourdieu-Passeron (2)), Baudelot-Establet (3) eskolaren funtzioa analizatzen dute, eskolaren zeregina erdi- eta goi-mailetan kokatzen diren klase sozialek bere pribilegioak mantentzeko instituzioa dela salatuz.

Eskolaren Porrota? Azken bolada honetan indarberritzen ari da aspaldidanik datorren beste ikuspegi bat: porrota ez da ikaslearena, eskolarena baino.

Ikuspegi hau tradizio luzekoa da, eskolaren erreformaren inguruko mugimendua bezain zaharra (Claparede, Ferriere, Montessori, Decroly, Freinet, etab.).

Egun ere gaurkotasuna mantentzen du.

Adibidez, Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultateko Teoria eta Historiako Departamentuak, 1987ko urrian antolatu du Eskolaren frakasoaren inguruko 1. Ihardunaldia (7).

Ikuspegi honetatik, ikaslegoaren porrota, gizarteak baldintzaturik nahi bada, baina azken batean eskolaren beraren porrotaren ondorioa da.

Eskolak betetzen dituen funtzioak zaharkiturik geratu dira, iraganean izan zen gizarte bati atxekita daude, ez dute zerikusirik gaurko eta biharko gizartearekin.

Gaurko eskola noraezean dago.

Alde batetik, zituen funtzioak kentzen zaizkio.

Eskola tradizionalaren ardura zen, eta ez beste inorena, instrukzioa ematea; gaur, berriz, komunikabideek dute eginkizun horren ardura, eskolak adina.